Twitter, uztailaren 5etik aurrera euskaraz

Berriak

Sare sozialak iragarri duenez, Twitter euskaratzen lagundu duten erabiltzaileek dagoeneko euskaraz jar dezakete sare sozialaren interfazea, Beta bertsioan.

Twitter uztailaren 5etik aurrera erabili ahal izango da euskaraz. Twitterrek iragarri duenaren arabera, sare soziala euskaratzen lagundu duten erabiltzaileek dagoeneko jar dezakete interfazea euskaraz, Beta bertsioan. Euskaraz ez ezik, beste bost hizkuntzatan ere erabili ahalko da Twitter sare soziala: katalana, afrikaansa, txekiera, greziera eta ukrainera.

Joan den maiatzean, Twitterrek edukiak euskaratzeko laguntza eskatu zuen. Horretarako, parte hartu nahi zutenek Twitterreko itzulpen zentrora jo behar zuten. Orain, itzulpen lanak amaitu omen dira eta uztailaren 5etik aurrera sare sozialak euskaraz erabiltzeko aukera eskainiko du.

Twitterren erabiltzen diren eremu urriko hizkuntzei dagokienez, euskara da, Haitiko kreoleraren ondoren, sare sozialean gehien erabiltzen dena. 13.000 erabiltzailek baino gehiagok euskaraz tuiteatzen dute.

#twittereuskaraz etiketa aspaldian erabili dute Twitterreko euskaldunen komunitatean sare soziala euskarara itzultzeko eskakizuna egiten. Erabiltzaile euskaldunek askotan erakutsi dute teknologiaren alorrean euskararen alde lan egiteko prest daudela eta, Twitterren behintzat, helburua betetzea lortu dute.

‘Sinde Legearen’ lehen kaltetua bajui.com izan da

Berriak

Horren abokatuaren arabera, lege horrek gaur egun estekak dituzten eta etorkizunean izango dituzten webgune guztiei eragingo die: Wikipedia, Google, Meneame…

David Bravo abokatuak jakitera eman duenez, bajui.com da Jabetza Intelektualaren Batzordera iritsi den lehen webgunea. “Sinde Legea” edo Ekonomia Jasangarriaren Legearen Berrogeita Hirugarren Azken Xedapena betearazteko ardura horrek du.

David Bravo Juan Jose Coronel bajui.com-eko administratzailearen abokatua da, “estekak dituen web bat administratzeagatik zibileko eta zigor arloko auzitegietara aldi berean eraman duten lehen webaren administratzailea”. Horren abokatuak gaineratu duenaren arabera, Juan Jose Coronel da “Sinde Legea” eta bide administratibo hori ezarri zaion lehena, eta “zibileko eta zigor-arloko bidean onik atera ondoren”, orain bere bezeroarekin “bide administratiboan saiatzen ari dira, arrazoia eman zioten epaileak alde batera utzita”.

Prozedura egoitza Suitzan duen enpresa baten kontra egin dute formalki, biltegiratze zerbitzua eskaintzen duen uploaded.to webgunearen titularraren kontra, hain zuzen, dirudienez bertan baitago Luz Casalen Un ramo de rosas diskoa, Bravoren esanetan. Administrazioak diskoa zerbitzura “salatzailearen” baimenik gabe igo dutela baieztatzen duenez, lan horretarako estekak kentzeko aginduko dio bajui.com-i, hirugarren bat egiten ari den arau-hauste batean bitartekaria izaten ari delako.

“Teknikoki bajui.com ez da prozeduraren parte; beraz, ez du alegazio fase jakin bat izango eta estekak kentzeko ebazpenaren berri ematen diotenetik 72 ordu dituela esateko bakarrik zuzenduko dira horrengana”, azaldu du abokatuak. Hori egin ezean, administratzaileak 150.001 eta 600.000 euro arteko isunari egin beharko lioke aurre, bitartekari zerbitzua emateagatik.

Horren harian, David Bravok salatu duenez, prozedura “Kultura Ministerioaren iritzian jabetza intelektualaren eskubide bat, horren jakitun izanda edo izan gabe, urratu duen edonoren aurka joan daiteke”. Horrek, esaterako, YouTuben bideoak sartzen dituen blog bati eragin diezaioke, baina “Meneame, Google eta Wikipedia bezalako guneei ere bai”, etengabe euren edukiak kontrolatzen egon beharko liratekeelako.

.eus domeinua hurrengo fasera igaro da

Berriak

ICANN erakundeak hurrengo fasera iritsi diren domeinuen zerrenda iragarri du. Urte amaieran, ICANNek azken erabakiaren berri emango du, eta aukeratuek urtean 25.000 dolar inguru ordaindu beharko dute.

Gaur eguerdian, ICANN erakundeak hurrengo fasera iritsi diren domeinuen zerrenda iragarri du, eta horien artean da PuntuEus elkartearen .eus domeinua. Hala ere, azken erabakia ez da urte bukaerara arte ezagutuko. Sarean, berehala hedatu da albistea. Domeinu hori hurrengo fasera igaro dela iragarri duen lehena Sustatu ataria izan da, eta berehala argitaratu du @urtzai erabiltzaileak Twitterren.

Sustatuk argitaratu duenaren arabera, urtarrilean ireki zuen ICANNek domeinuak eskatzeko aukera, eta, guztira, 1.930 aurkeztu zituzten. Eskaera horien artean, 4 multzo bereizi dituzte: komunitate mailakoak (.eus kategoria horretan dago), geografikoak, karaktere ez latindarrekoak eta komertzialak.

Orain, ICANN eskaera horiek guztiak aztertzen hasiko da, eta, besteak beste, zilegitasuna, interesa eta erregistroa eskatu duen erakundearen baliabideak izango ditu kontuan.

Horrez gain, Sustatuk argitaratu duenez, “urteroko diru kopuru bat ere eskatuko dute (25.000 dolar inguru), eta horri aurre egiteko baliabideak ziurrak direla bermatu beharko da”.

Megauploadeko edukiak berreskuratzeko ordaindu egin beharko dute

Berriak

AEBetako Gobernuaren arabera, informazio hori ez dago bere esku, Megauploadi zerbitzua eskaintzen zion Carpathia Hosting datuak biltegiratzeko enpresaren esku baizik.

AEBetako Justizia Departamentuak Megauploadeko erabiltzaile bati adierazi dionez, informazioa zerbitzutik berreskuratu nahi izanez gero, bilaketaren eta informazioaren mantentzearen gastuak ordaindu beharko ditu. AEBetako Gobernuaren arabera, informazio hori ez dago bere esku, Megauploadi zerbitzua eskaintzen zion Carpathia Hosting datuak biltegiratzeko enpresaren esku baizik.

Joan den urtarrilean Megaupload zerbitzuz kanpo gelditu zenetik, erabiltzaileek informazioa berreskuratzeko eskakizunak egin dituzte. FBIren arabera, Kim Dotcom Megauploadeko arduradunak jabetza intelektualaren aurkako delituak egin zituen eta, hori zela eta, plataforma ixtea erabaki zuten.

Hala ere, Megauploaden eduki propioak gordetzen zituen erabiltzaileak ere baziren, eta ez zuten egile eskubiderik urratzen. Edukiak legalak ziren arren, zerbitzua itxi zutenean, erabiltzaile horiei ere informazioa berreskuratzeko eskubidea kendu zieten.

Carpathia Hostingek azken hilabete hauetan informazioa gordetzeagatik dirurik jaso. AEBetako Gobernuari gastu horiek ordaintzeko eskatu zion, baina ezezkoa erantzun zien.

Orain, Carpathia Hosting-i ordaintzeaz gain, auzitegiko informatikari batek artxiboak topatu eta berreskuratu beharko ditu, eta gastu hori ordaintzea ere erabiltzaileen esku izango da, AEBetako Departamentuak erantzukizunik ez duela esan baitu.

Google Play Movies, Espainian erabilgarri

Berriak

Pelikulak alokatzeko Googleren zerbitzuak filmak bereizmen handiz ikusteko aukera eskaintzen die erabiltzaileei, bai Android gailuetan bai webgune baten bitartez.

Google Play Movies Espainiara iritsi da eta dagoeneko erabilgarri dago. Pelikulak alokatzeko Googleren zerbitzuak filmak bereizmen handiz ikusteko aukera eskaintzen die erabiltzaileei, bai Android gailuetan bai webgune baten bitartez. Zerbitzuak azken estreinaldiak, klasikoak eta pelikula sarituak ere bilduko ditu.

Google Play dendak zerbitzu berria du, Espainian. Orain, erabiltzaileek 450.000 aplikazio, abesti eta liburu baino gehiago eskuragarri izateaz gain, pelikulak alokatzeko aukera ere izango dute.

Google Play Movies zerbitzuko pelikulak komediak, dramak, animaziozkoak, akziozkoak eta dokumentalak izango dira, besteak beste, eta Android sistema duten gailuetan erabili ahalko dira. Pelikulak streaming bidez eskainiko dituzte.
Pelikulen prezioa antzinatasunaren araberakoa da eta 1,99 eta 3,99 euro bitartekoa izango da.

Erabiltzaileek 30 eguneko epea izango dute, gehienez, filma ikusteko; behin erreproduzituta, 48 orduz izango dute ikusgai.

‘Check’ bikoitzak zer esan nahi duen azaldu du WhatsAppek

Berriak

Mezua bidali denean, testuaren ondoan “check” bakarra agertzen da eta, bi agertzen badira, hartzaileak mezua jaso duela esan nahi du.

WhatsAppek “check” bikoitzaren polemikarekin amaitu nahi izan du eta esanahia azaldu du. Gainera, konpainiak Twitterreko 10 karaktereko mezu batean eman du adierazpena eta horrek film labur bat ere eragin du.

WhatsApp mezuak bidaltzeko zerbitzuak ezinbesteko erreminta bat bilakatu da erabiltzaile askorentzat. Smartphonetan erabili daitekeen zerbitzu bat da eta, sakelako telefonoaren Interneteko sarbidearen bitartez, mezuak, irudiak eta audio artxiboak bidaltzeko aukera eskaintzen du. WhatsAppek lortu duen arrakastak zerbitzuaren elementu guztiak aztertzea eragin du eta, horien artean, “check” bikoitzaren esanahia.

Mezua bidali bada, “check” bakarra agertzen da eta bikoitza agertzen bada, hartzaileak mezua jaso duela esan nahi du. Orain arte, erabiltzaileen arteko eztabaidan “check” bikoitzaren esanahiari buruzko bi iritzi zeuden: mezua egoki bidali dela esan nahi duela uste zutenak eta hartzaileak mezua irakurri duela esan nahi duela pentsatzen zutenak.
Konpainiak zalantzarik utzi ez duen azalpena eman du: “Check bikoitzak ez du mezua irakurri duela esan nahi, hartzaileak sakelako telefonoan jaso duela baizik”.

Getaria, Googleren Model Your Town lehiaketako irabazlea

Berriak

Google Earthek hiriaren irudikapenik onena egiten duen proiektua saritu du. Zielona eta Torun (Polonia), Lowel eta Evansville (EE. UU.), eta Leominister (Reino unido) hiriak ere finalean izan dira.

Getaria izan da Google-ek antolatutako Model Your Town lehiaketako irabazlea. Ekimenak Google Earthen hiru dimentsiotako teknologiarekin hiriaren irudikapen onena egiten duen lana saritu du. Getariaren proiektua finalistetako bat izan da, eta 25.000 dolar lortu ditu.

Virtualsim enpresa izan da Getariaren alde zaharra eta portua hiru dimentsiotan marrazteko arduraduna.

2011n egin zuten proiektua. “Zaila da lana garatzeko behar izan dugun denbora kalkulatzea, baina mila ordu baino gehiago izan direla esan dezakegu”, adierazi dute Getariako ekimenaren arduradunek. Guztira, 3Dko 150 modelo baino gehiago aurkeztu dituzte. Orain, Getariak herriko eskola publiko batera bideratuko ditu lortutako 25.000 dolarrak.

Hautagai gehiago

Zielona eta Torun (Polonia), Lowel eta Evansville (EE. UU.), eta Leominister (Reino unido) hiriak ere finalean izan dira.

Telefonicak Whatsapparena bezalako zerbitzu bat kaleratu du

Berriak

Horri esker, smartphonearen bidez komunikatu, mezuak doan bidali, deiak doan egin, ahozko mezuak utzi eta argazkiak partekatu ahalko dira

Telefonica Digitalek Tu Me izeneko doako aplikazioa kaleratu du. Zerbitzu berriak smartphonearen bidez komunikatzeko, mezuak doan bidaltzeko, deiak doan egin, ahozko mezuak uzteko eta argazkiak partekatzeko aukera eskaintzen du.

Aplikazio berri horrekin,Telefonicak Whatsapp, Skype eta Viber aplikazioekin lehiatu nahi du.

Oraingoz, iPhone gailuetan bakarrik erabil daiteke Tu Me zerbitzua, eta kable bidezko operadorearen eta WiFi seinalearen bitartez dabil.

Konpainiak jakitera eman duenez, kontsumitzaileei zuzenean eskaintzen dien lehen produktua da, eta mundu osoan erabili ahalko da.

Iritsi da Samsung Galaxy S III

Berriak

‘Smartphone’ berria konpainiaren ikurra izateko jaio da, eta iPhone 4S eta HTC One X izango ditu aurkari nagusiak.

Samsung Galaxy S III errealitatea da jada. Samsungek ‘smartphone’ berria aurkeztu du Londresen, konpainiako ikur berria izatea eta merkatuan iPhone 4Sri eta HTC One X-i aurre egitea helburu.
Ezaugarri nagusiak hauek dira: lau nukleoko prozesadorea, 4,8 hazbeteko pantaila, 8 megapixeleko argazki-kamera eta telefonoa ahotsaren bitartez erabiltzeko sistema bat.

Galaxy S3ren prozesadorea Exynos bat izango da, lau nukleokoa eta 1,4 GHz-koa. Merkatuko ahaltsuena ei da, eta energiaren kontsumoa % 20 txikiagoa izango dela promestu dute.

Pantaila ere uste zena izango da, hots, 4,8 hazbeteko Super Amoled HD bat. Bereizmena 1280x720koa izango da, hots, merkatuko handienetakoa. Pantaila Galaxy S2rena baino % 22 handiagoa da.

Diseinuari dagokionez, antz handiagoa dauka Galaxy Nexusekin Galaxy S2rekin baino. Neurriak 136,6×70,6×8,6 milimetrokoak dira, eta pisua 133 gramokoa.

Sistema eragileari dagokionean, Samsung Galaxy S IIIk Android Ice Cream Sandwich, Googleren sistema eragilearen azken bertsioa, du. Kasu horretan, ohikoa den legez, Samsungek TouchWiz sistema egokitzearen aldeko apustua egin du. Nabarmenena, keinu funtzio berriak sartuko dituela ‘smartphone’arekin eta bere oinarrizko funtzioekin elkar eragiteko.

Softwarearen atalean, Samsung Galaxy S IIIren berritasunen artean aipatzekoa da S-Voice sistema, iPhone 4Sk ahotsa ezagutzeko duen Siri sistemaren antzekoa, alegia. Samsungek nola erabiltzen den erakutsi du eta gailu hori ekintza desberdinak eta egindako galderei erantzuteko erabiltzaileen ahotsak ezagutzeko gai da. Sistema hori zortzi hizkuntzatan dago eskuragarri.

Horrez gain, telefonoak 8 megapixeleko kamera bat du, iPhone 4Sren eta azken belaunaldiko gainerako telefonoen parekoa, eta 1,9 megapixeleko aurreko kamera bat. Halaber, 2.100 mAhko bateria izango du. NFC ere badu, edukiak partekatzeko Wi-Fi konexioarekin batera erabili daitekeena.

Samsung Galaxy S III maiatzaren 29tik izango da eskuragarri Europako herrialdeetan.

Urte honetako lehen hiruhilekoan Samsung Nokiari gailendu zaio sakelako telefonoen munduko lehen fabrikatzaile gisa eta bide horri eutsi nahi dio. Konpainia hegokorearrak 93,5 milioi sakelako telefono, 44,5 milioi ‘smartphone’, saldu ditu urteko lehen hiruhilekoan soilik. ‘Smartphone’en merkatu atal horretan nabarmendu da, hain zuzen, Samsung azken urteetan.

Pinterest, Instagram eta Spotify garaile, Webby sarietan

Berriak

Facebookek erabiltzaileek bozkatutako Social Change (aldaketa soziala) saria jaso du, 2011ko Udaberri arabiarrean izan zuen zereginagatik, eta Twitter eta YouTube atariak gainditu ditu.

Pinterest eta Instagram sare sozialek eta streaming bidezko Spotify musika zerbitzuak Webby saria jaso dute Interneten egindako berrikuntzagatik. Facebooki, gainera, Social Change (aldaketa soziala) sari berezia eman diote.

Webby sariak Arte Digitalen eta Zientzien Nazioarteko Akademiak urtero banatzen dituen golardoak dira eta Interneteko kulturan egiten diren lan berritzaileak saritzen dituzte. Sari banaketa maiatzaren 21ean, New Yorken, izango da.

Bjork abeslari islandiarrak jaso du urteko artistaren saria Biofilia izeneko disko multimediagatik. Juliette Lewis aktorea eta Graydon Sheppard umorista YouTuben emititzen den eta joan den abenduan 16,2 milioi bisita izan zituen Shit Girls Say saioarengatik saritu dituzte.

Facebooki, Interneteko sare sozial handienari, erabiltzaileek aukeratzen duten Social Change (aldaketa soziala) saria eman diote 2011ko Udaberri arabiarrean izan zuen zereginagatik. Facebookek Twitter, YouTube eta Change.org gainditu ditu.

Argazkiak partekatzeko Instagram aplikazioak (Facebook 756 milioi eurogatik eskuratu berri du) urteko produktu berri onenaren saria jaso du. Webby sariek ere Pinterest eta Google+ sare sozialen lana goraipatu dute.